x
UDALTALDE Menu

Berriak

Urduñako 15 ikasleek pasadan astelehenean antolatutako ibaiertzetako landaredia landatzeko jardueran parte hartu zuten

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du pasadan astelehenean, maiatzaren 6an, bertako ibaiertzetako landaredia landatzeko jardunaldia burutu zela Urduñan. Ekintza hau “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ibaiertz eta ubideetan hondakinak garbitzeko ekintzak” izeneko proiektuaren baitan kokatzen da, eskualdeko hamar udalerrietan Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal gauzatzen ari dena.

15 ikasleak 60 zuhaitz eta zuhaixka landatu zituzten. Bi orduz aritu ziren lanean, Nerbioi ibaiko ibaiertzean, Arbieto futbol zelai alboko 167 metroko gunean.

Landatu ziren espezieak honakoak izan ziren:elorri zuria (Crataegus monogyna),sahatsa (Salix atrocinerea), astigar arrunta(Acer campestre),ereinotza (Laurus nobilis) eta intsusa beltzak (Sambucus nigra). Ekintza hau garatzeko, talde profesional baten aholkularitza teknikoa, zuzendaritza eta laguntza jaso zen.

Hasieran eta amaieran, azalpen bat eman zitzaion taldeari, ingurunearen balio ekologikoaren garrantzia aipatuz, bertako espezie mehatxatuak zeintzuk diren azalduz (bisoi europarra kasu) eta hauentzat ekintza honek ekar dezaken onura nabarmenduz. Parte hartzaileak informatzeko liburuxka bana eman zitzaien eta ekintza hauek inguruko flora eta faunan duten garrantzia azpimarratu zen.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza jaso du eta Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarearen dirulaguntza baita ere.