x
UDALTALDE Menu

Berriak

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek eskualdean sortzen diren hondakinak ondo bereizi eta murriztera animatzen zaitu

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek herritarrak sentsibilizatzeko beste kanpaina bat abiarazi du, eskualdean sortzen de hondakin-kopurua murrizteko asmoz. Hondakin gutxiago sortzeak, ingurumenari onura egiteaz gain, hondakinak tratatzeko gastua murriztea dakar, eta aurreztutako dirua beste udal-zerbitzu batzuetara bideratu daiteke.

Datozen egunotan, jakinarazpen bat bidaliko da etxe guztietara, ingurumenarekiko daukagun jokabidea hobetzen lagunduko diguten aholku erraz batzuekin. Horrez gain, informazioa emateko biniloak jarriko dira 110 edukiontzitan, udalerrietako hamalau garbigune txikien irudia eguneratuko da eta, azkenik, Internet bidezko kanpaina bat egingo da.

Kanpainaren bidez, sortzen dugun hondakin-kopurua MURRIZTEKO beharra azpimarratuko da. Egungo kontsumo-ereduak hondakinak sortzera bideratzen gaitu, baina hori saihestea posible da. Horretarako, bost jarraibide erraz partekatu dira:

1.- Planifikatu zure erosketak. Elikagaien herena zaborrontzira doa.

2.- Eraman beti ontzi berrerabilgarriak: oihalezko poltsak, taperrak, erosketa-orga…

3.- Erosi soltean edo lehenetsi bilgarri gutxi duten produktuak

4.- Trukatu edo konpondu arropa, gailu elektronikoak, etxetresna elektriko txikiak…

5.- Kontsumitu bakarrik behar duzuna, eta erosketa arduratsu bat egin

Hori guztia osatze aldera, hainbat gomendio eta jardunbide egoki argitaratuko dira, eskualdeko herritarrek iglu-txikiak banatzeko galdetegiaren bidez Jasangarritasunerako Eskualdeko Bulegoari helarazi zizkiotenak: “beirazko taperrak eramaten ditut aldean harategira eta arraindegira joaten naizenean”, “herriko dendetan erosten dut” edo “silikonazko tapak erabiltzen ditut zilar-papera erabili beharrean” adibide gisa. Kanpainaren euskarri guztietan ikusgai egongo diren QR kodeen bidez eskuratu ahalko dira.

Hala ere, hondakina sortu bada, BERRERABILTZEA izango litzateke egokiena. Hondakinari beste erabilera bat emanez edo berrerabiltzeko edukiontzi zurian sartuz.

Azken aukera, hondakina bereizi eta dagokion edukiontzian sartzea litzateke, BIRZIKLATZEKO.

2019an, Nerbioi-Ibaizabalen, 261 kilo hondakin jaso ziren pertsonako errefusaren edukiontzian, hau da, dagokion bereizketa egin ostean geratzen den hondakina biltzeko edukiontzian. Kopuru hori aurreko urteetakoa baino txikiagoa den arren, hobetu egin daiteke, jasotako hondakinen ezaugarriei zein kantitateari dagokionez. Izan ere, errefusaren edukiontzi grisean sartutako hondakinen % 50 baino gehiago birziklatzeko aproposa zen. 2020ko abuztuan, Garbikerrek Nerbioi-Ibaizabalgo eskualdeko errefusaren karakterizazioa egin zuen. Horren arabera: hondakinen % 19 edukiontzi horian sar zitezkeen ontziak ziren; ia % 19, edukiontzi horian sartu beharreko frakzio organikoko hondakinak; % 11, edukiontzi urdinean sartu beharreko paper eta kartoizko hondakinak, eta % 1, iglu berdean sartu beharreko beira.

Kanpaina horrek 14.883 euroko kostua du, BEZa barne, eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu du, osorik.

Eskuorria