x
UDALTALDE Menu

Berriak

“Planeta Salbatu”: Euronet 50/50 Max proiektuaren esparruko ihes-jokoa

Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoak sentsibilizazio-ekintza bat jarri du Euronet 50/50 Max proiektuan parte hartzen duten ikastetxeen esku: “Planeta Salbatu” ihes-gela. Ekintza honek helburu bikoitza du: alde batetik, aldaketa klimatikoaren eta energia-eraginkortasunaren arloan sentsibilizatzeko baliabide didaktikoa izatea, eta, bestetik, ikastetxeetan pandemiari aurre egiteko hartutako prebentzio-neurrien ondorioz 2020-2021 ikasturtean normaltasunez garatu ezin izan den proiektua bizirik mantentzea.

Joko digital honek 45 minutuko iraupena du eta Lehen Hezkuntzako azken mailetako ikasleentzat diseinatuta dago. Joko honetan, munduko hainbat tokitako gazteek aldaketa klimatikoari aurre egiteko beharra eskatzen dute, eta, erantzun gisa, erronka bat planteatzen zaie: proba jakin batzuk gainditu behar dituzte, eta, horrela, krisia gainditzea eta planeta salbatzea lortuko dute.

Euronet 50/50 Max proiektua Europar Batasunak bultzatutako proiektu bat da eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdean garatzen da 2017-2018 ikasturteaz geroztik haur eta lehen hezkuntzako hiru ikastetxe hauetan: Etxebarrin (Kukullaga), Zaratamon eta Ugao-Miraballesen.

Euronet 50/50 Max proiektuaren helburua da ikastetxeak energiaren aurrezpenarekin inplikatzea, pizgarri ekonomiko baten bidez: ikasleek, irakasleek eta irakasle ez diren langileek eraginkortasun energetikoaren inguruan hartutako neurriei esker lortutako aurrezkiaren % 50 ikastetxeari itzultzen zaio, ordainketa finantzario baten bidez edo konpentsazio-neurrien bidez; gainerako % 50a udalaren fakturazio energetikoan egindako aurrezpen garbia da, hark ordaintzen baititu faktura horiek.