x
UDALTALDE Menu

Berriak

Orain hondakin gehiago edukiontzi marroian

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazpen bat bidali du eskualdeko etxe guztietara, edukiontzi marroian onartzen diren hondakinen berri emate aldera.

18.000 triptiko bidali dira eskualdeko postontzi guztietara, konpostaje-plantan egin berri den aldaketaren ondoren zatiki organikoaren edukiontzira bota daitezkeen hondakinak zeintzuk diren jakinarazteko. Berrikuntza nagusia da animalia-jatorriko hondakinak ere onartzen direla: haragi, hestebete, arrain eta itsaski-hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren oskolak, hezurrak, gazta…

Minipuntuen komunikazio-euskarriek ere berrikuntza horren berri emango dute, eta azalpen-biniloak jarriko dira zatiki organikoari dagozkion edukiontzi guztietan.

Parte hartzen duten ekoizle handiei, hala nola ikastetxeak, egoitzak, ostalaritza-establezimenduak, supermerkatuak eta beste saltoki batzuk, telefonoz edo aurrez aurre deitu zaie informazioa modu pertsonalizatuan emateko.

Gaur egun, 3.304 etxe eta 140 ekoizle handi daude izena emanda hondakin organikoak gaika biltzeko zerbitzuan. Horien guztien ahaleginei esker, 2020. urtean 249 tona hondakin organiko bildu ziren eskualdean, eta Bizkaiko konpostaje-plantara garraiatu eta ongarri edo konpost bihurtu ziren, laborantza, parke eta lorategietan erabiltze aldera. Onartzen diren hondakinen tipologia handitzeak, bereizte-lana errazteaz gain, edukiontzi marroian eta, hainbestez, eskualdeko hondakin birziklatuen kopuru globalean bildutako hondakin-kopurua nabarmenkiro handitzea ahalbidetuko du. Ingurumen-onura nabarmenez gain, birziklatzeak onura ekonomikoak dakartza, edukiontzi marroian uzten diren hondakinen tratamenduaren prezioa errefusa biltzeko edukiontzian biltzen direnak baino 40 euro merkeagoa baita tona bakoitzeko.

Proiektu hori Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du, etxeko hondakinen frakzio organikoa gaika biltzeko edukiontziak jartzeko dirulaguntzen esparruan (bosgarren edukiontzi pertsonalizatua) eta 2020ko ekitaldiko hondakinen prebentziorako beste ekintza batzuen baitan.

Baratzea edo lorategia duten etxebizitzei autokonpostatzeko aukera ere ematen zaie, beren ongarri edo konposta sor dezaten beren hondakin organikoekin. Izena eman duen etxebizitza bakoitzak autokonpostajerako kita jasoko du dohainik: konpostagailua, aireztagailua eta autokonpostajerako gida. Kitak izena eman duten pertsonei eskainitako prestakuntza-tailerretan banatuko dira. 574 dira orain arte.

Hainbat bide daude izena emateko:

–  Udalerri bakoitzeko informazio-puntuetan: https://udaltalde21.eus/wp-content/uploads/2020/07/organic-table-eu.svg

–  Mezu elektroniko bat bidalita: info@udaltalde21.eus

–  Telefono bidez deituta: 946712699

Hona hemen edukiontzi horretan sartzen diren hondakinen zerrenda

Hori guztia behar den moduan itxitako poltsa konpostagarrietan utzi behar da, inskripzioa egitean ematen den giltzarekin irekitzen den edukiontziaren barruan alegia. Ezin dira edukiontzitik kanpo laga estetika eta garbitasun arrazioengatik.