x
UDALTALDE Menu

Berriak

Nerbioi-Ibaizabal Eskualdeko Energiaren Behatokia aurkeztu da gaur

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi nahi du Nerbioi-Ibaizabal Eskualdeko Energiaren Behatokia aurkeztu dela gaur jendaurrean, Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoan, udaletako ordezkarien aurrean. Ekitaldian hitz egin dute: Arrankudiagako Alkatea, Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren ordezkari bat (Ihobe), Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen Idazkaritza Tekniko moduan (Udalsarea 21), Energiaren Euskal Erakundearen ordezkari bat (EEE), Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen koordinatzailea eta Inergyren zuzendaria, Behatokiaren ezarpenaz arduratu den enpresa.

Eskualdeko Energiaren Behatokia IKT plataforma da. Bere zeregina hau da: fakturazio egokia kontrolatzea, hornidura energetikoen kontratazioa hobetzea, eskualdeko plataforma bakar batean sartutako udalerrietako eraikin eta argiztapen publikoko koadro guztiak erregistratzea eta horien portaera aztertzea, beste funtzionalitateen artean.

Aurrezpen eta eraginkortasun hirukoitza erraztea da bere helburua, maila energetikoan, ekonomikoan eta ingurumenean: kontsumo energetikoa (kWh), faktura energetikoaren gastua (€) eta berotegi-efektuko gasen isuria (BEG) modu jarraitu eta sendotuan murrizte aldera.

Tresna berri honek zerbitzua ematen die 7 udalerriri: Arrankudiaga, Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberio. 34.887 biztanle, 408 kontratu elektriko (udal ekipamenduak eta argiztapen publikoa) eta 34 gas kontratu barne hartzen ditu.

Antzemandako urteko aurrezki potentziala 70.000 €-tik gorakoa da, batez ere kontratatutako potentziaren optimizazioagatik eta beste hobekuntza batzuengatik (energia erreaktiboagatiko penalizazioen zuzenketa, erabilerarik gabeko horniduren baja eta ordutegi-diskriminaziodun tarifak dituzten horniduren optimizazioa).

Gainera, Atari Energetiko bat dauka; energiari buruzko informazioa emateko eta herritarren artean aurrezki energetikoa sustatzeko webgunea, alegia.Hau da, gardentasunerako eta parte-hartzerako tresna berria.

Eskualdeko Energia Behatokiak erabakiak hartzeko, energiaren kudeaketa planifikatzeko behar duten informazio fidagarri eta kalitatezkoa eskaintzen die udal-arduradunei: lehentasunak, jarduerak, hobekuntzak, inbertsioak. Energia toki-mailan modu egokian kudeatzeko tresna berritzailea.

Ekitaldian, Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren (Ihobe) arduradunak, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen Idazkaritza Teknikoa den aldetik, berrikuntzak eta frogaketak toki-mailako ingurumen kudeaketan duten garrantzia azpimarratu du; hain zuzen ere, hori da berrikuntza eta frogaketa proiektuetarako Berringurumena programaren xedea. Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) ordezkariak toki-mailan energia modu eraginkorrean kudeatu beharra baloratu du. Azkenik, Inergyren zuzendariak Behatokiaren eta Herritarren Atariaren funtzionalitateak erakutsi ditu.

Proiektu honek Udalsarea 21 Berringurumena 2016: Berrikuntza eta froga proiektuak delako Programaren diru-laguntza jaso du.