x
UDALTALDE Menu

Berriak

“Industrialdetako hondakinen kudeaketa adimenduna” proiektuaren pilotua abian da Nerbioi-Ibaizabalen

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi du aste honetan, urtarrilaren 14tik aurrera, “Industrialdetako hondakinen kudeaketa adimenduna” proiektuaren pilotua abian jarri dela; horren bidez, modu bateratuan kudeatuko dira egurrezko, paperezko/kartoizko eta plastikozko hondakinak.

Orain dela zenbait urtetatik, eskualdeko udalek hainbat proiektu bultzatu dituzte, Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoaren (Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal) bitartez; adierazitako proiektuen xedea da eskualdeko enpresak ingurumenaren esparrura hurbilaraztea, Industriako Agenda 21 ekimenaren bidez.

Proiektua 2018ko ekainean hasi zen; lehen fasean, hasierako diagnostikoa egin zen zenbait industrialdetan: Bakiolan (Arrankudiaga-Zollo), Barrondon eta Sagan (Etxebarri), Zabalen (Orozko), Usilan (Ugao-Miraballes) eta Etxerren, Landetxen, Moiordinen, San Vicente-Uriondon eta Ugarte-Barrondon (Zaratamo).

Lehen fasean, ikerketaren muina izan da enpresen hondakin ez-arriskutsuen sorreraren eta kudeaketaren inguruko datuak biltzea, eta, are zehatzago, egurrezko, enbalajeetako plastikoak eta paperezko/kartoizko hondakinen ingurukoak biltzea. Horren bitartez, ekonomia zirkularraren ikuspegian oinarritutako kudeaketa ezartzeko aukera aztertu nahi da. Modu horretan, kudeaketa lineala –ekoitzi, erabili eta bota– izan beharrean, zirkularra izango da: hondakina baliabide bihurtuko da, ekoizpen-zikloan berriro sartu ahal izateko. Horri esker, industrialdeetako hondakinen bilketa hobetu eta erraztuko da, baliagarriak izan daitezkeenak identifikatuko dira, eta horiek jaso eta, ondoren, berrerabili edo birziklatzeko bideak erraztuko dira.

Bigarren fasean, ikerketaren datuak eta kasu bakoitzaren beharrizanak eta kasuistika zehatzak aztertu ondoren, eskualdeko 43 enpresak hartuko dute parte egurra, enbalajeetako plastikoak eta papera/kartoia biltzeko prozesuan, proiektu pilotu bat abian jarrita. Adierazitako proiektuak hilabeteko iraupena izango du, urtarrilaren 14tik hasita.

Esperientzia arrakastatsua bada, luzaroan mantentzeko eta eskualdeko udalerrietako beste enpresa batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko da.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesa du, Berringurumena programaren bitartez, jasangarritasunarekin konpromisoa duten udalerrietan proiektu berritzaileak ezarri eta garatzeko asmoarekin.