x
UDALTALDE Menu

Berriak

Gaurtik aurrera animalia jatorriko hondakinak sar daitezke edukiontzi marroian

Haragi, hestebete, arrain eta itsaski-hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren oskolak, hezurrak, gazta….dira gaurtik aurrera edukiontzi marroian landare jatorriko hondakin organikoekin batera sar daitezkeen hondakinetako batzuk.

Aldaketa honek, etxean hondakinak banatzeko egiten den lana errazteaz gain, nabarmen handituko du edukiontzi honen bidez biltzen den hondakin-kopurua, baita eskualdean, oro har, birziklatzen diren hondakinen kopurua ere.  Bestalde, edukiontzi marroian sartutako hondakinak tratatzeko prezioa 40 euro merkeagoa da tona bakoitzeko, errefusaren edukiontzian sartutakoak tratatzeko prezioaren aldean. Horiek horrela, diru asko aurreztuko dela espero da, parte hartuko duten herritarren ahaleginari esker.

Datozen egunotan, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazpen bat bidaliko du eskualdeko etxe guztietara, Bizkaiko Foru Aldundiaren konposta egiteko instalazioan onartutako hondakinak zeintzuk diren adierazteko. Horrez gain, oraindik izena eman ez duten herritarrak animatuko ditu hondakin organikoak birziklatuz edukiontzi marroia erabili dezaten. Hainbat bide daude horretarako:

Udalerri bakoitzeko informazio-puntuetan: https://udaltalde21.eus/wp-content/uploads/2020/07/organic-table-eu.svg

Mezu elektroniko bat bidalita: info@udaltalde21.eus

Telefono bidez deituta: 946712699

Izena ematen duten etxeei 10 litroko edukiera duen kubo bat, poltsa konpostagarriak eta edukiontzia zabaltzeko giltza entregatuko zaizkie.

Ortu edo lorategi bat duten etxeetan konpostaje propioa ekoitzi nahi izanez gero, autokonposta egiteko aukera ere dago. Kasu honetan, ordubeteko tailer batean parte hartu ondoren, konpostatzaile bat, aireztatzaile bat eta autokonpostajerako gidaliburu bat entregatuko zaie.

Hona hemen edukiontzi marroian hemendik aurrera onartzen diren hondakinen zerrenda osoa:

  • Animalia-hondakinak: haragi, hestebete, arrain eta itsaski-hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren oskolak, hezurrak zein gazta.
  • Hondakin begetalak: fruta-hondakinak, barazkiak, lekaleak, algak.
  • Ogi-hondakinak, fruitu lehorrak eta beren azalak, pasta eta arrozak, zerealak, haziak, irina.
  • Lore- eta landare-hondakinak, baratze-hondakinak, belarra eta inausketa-hondakinak.
  • Kafe-hondarrak eta -iragazkiak, txikoria, te-poltsak, kortxo naturaleko tapoiak.
  • Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kartoizko arrautzontziak eta

uhin-kartoi zikina (guztiak materia organikoarekin bustiak).

  • Galletak eta opilak, marmelada, gozokiak.
  • Broxeta eta bestelako elikagaietarako makilak, izozkien makilak eta antzekoak.
  • Poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.

Eta hona hemen sartu ezin direnak:

  • Erraztatutako hautsa.
  • Zigarro-mutxikinak eta errautsak.
  • Animalien gorozkiak eta katuen hondarrak.
  • Lorontzietako lurra eta zohikatza.
  • Olioa.
  • Pixoihalak, konpresak eta tanpoiak, paper-zapi bustiak.
  • Lotura itsaskorrak, esparatrapuak, kotoia, belarrietarako kotoi-txotxak.
  • Frutaren eranskailuak eta gainerako elementu itsasgarriak.
  • Objektu gogorrak, harriak, kristal, metal edo plastiko-puskak.
  • Lorategiko edo etxeko bestelako produktu kimikoak.
  • Berariazko bilketako edukiontzidun hondakinak.

Hori guztia behar bezala itxitako poltsa konpostagarrietan sartu behar da.