x
UDALTALDE Menu

Berriak

Etxebarriko Eskolako Agenda 2030 Foroak amaiera eman dio 2020-2021 ikasturteari

Asteartean, ekainaren 1ean, Etxebarriko Eskola Agendaren foroa egin dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ekitaldian ondokoek parte hartu dute: Loren Oliva alkateak, Miguel Ángel Herrero alkateordeak eta hamar ikaslek osatutako ordezkaritza-talde batek, Etxebarriko BHIn programa koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurugela-CEIDAko ordezkari batek ere. Ekitaldi honen bidez amaiera eman diote 2020-2021 ikasturteko programari, zeinak Garapen Jasangarriko Helburuak eta, zehazkiago, 12. helburua (ekoizpen eta kontsumo arduratsuak) izan dituen hizpide.

Udalak ikasleei ongietorria eman ondoren, ikasleek Eskola Agenda 2030 programaren esparruan egindako jarduketak azaldu dituzte.

Jarraian, ikasleek eta ikastetxeak ekonomia zirkularrari eta kontsumo arduratsuari mesede egiteko hartu dituzten konpromisoen berri eman dute:  1. Zaborra sailkatzea eta lurrera ez botatzea; 2. Plastikozko poltsak murriztea; 3. Birziklatzea eta ingurukoei nola birziklatzen den azaltzea; 4. Ontzirik gabeko produktuak erostea; 5. Garraio publikoa erabiltzea; 6. Gauza berriak erosteko beharra baloratzea; 7. Dagoeneko erabiltzen ez dena ematea.

Halaber, honako eskakizun hauek egin dizkiote Etxebarriko Udalari: 1. Dendetan paperezko poltsen erabilera sustatzeko kanpaina bat egitea; 2. Merkatuaren maiztasuna areagotzea; 3. Hozkailu solidario bat jartzea; 4. Bizikleten aparkaleku bat jartzea; 5. Ibaiak eta presak gehiago garbitzea.

Giro lasai batean, udal-ordezkariek konpromiso horien inguruko gogoetak partekatu dituzte, eta ikasleei aurreratu diete horien inguruan egiten ari diren lana, bai eta konpromiso bakoitzari dagokionez zer aurreikuspen egin duten. Bertaratuen artean erronka berriak adostu dituzte, hala nola, erabaki dute institutua arduratuko dela udalerrian hozkailu solidarioaren proiektua zuzentzeaz.

Ekitaldiaren amaieran, bertaratuek opari bat jaso dute.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso du, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzetarako dirulaguntzen aginduaren bidez.