x
UDALTALDE Menu

Berriak

Etxebarri BHI Instutuak Udala bisitatu du Eskolako Agenda 2030 programaren baitan

Ostiral honetan, abenduaren 10a, 2030 Eskola Agendari ongietorria emateko ekitaldia ospatu da IES Etxebarri BHI ikastetxearekin. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, ikastetxeko ikasleen ordezkaritza bat udal-ordezkariekin elkartu da, joan den ikasturtean adostutako konpromisoak eta proposamenak errepasatzeko, ikasturte honetako lan-gaia aurkezteko eta gauzatzen ari diren beste proiektu batzuk ezagutzeko.

Ekitaldian Loren Oliva Alkateak, Miguel Ángel Herrero Alkateordeak eta ikastetxearen ordezkari gisa 17 ikaslek osatutako talde batek parte hartu dute. Horrez gain ikastetxeko bi irakasle koordinatzaileak eta Mikel Barcenilla Ingurugelako aholkulari pedagogikoa ere bertan izan dira.

Ikasleek ikasturte honetan Eskola Agenda 2030ean landuko duten gaia aurkeztu dute: Garapen Iraunkorraren Helburua 11: Hiriak eta Komunitate Iraunkorrak. Jarraian, bere ikastetxeko ikasleek joan den ikasturtean adostu zituzten konpromisoak eta proposamenak errepasatu dituzte, eta ekitaldian azaldutakoa ikaskideei, irakasleei eta familiei jakinarazteko konpromisoa hartu dute.

Bestalde, Alkateak eta Alkateordeak lantzen ari diren proiektuak aurkeztu dituzte, hala nola, ikastetxean elikadura alferrik galtzea saihesteko proiektu aitzindari bat, joan den ikasturtean aurkeztutako proposamena izan zena.

Ekitaldiari amaiera emateko, ikasturte amaieran beste topaketa bat egiteko deia egin zaie ikasleei, egindako lana eta hartutako konpromisoak baloratzeko eta proposamen berriak entzuteko. Opari bat eman diete eta Etxebarri iraunkorrago baten alde lanean jarraitzera animatu dituzte.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren diru-laguntza jaso du, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzetarako diru-laguntzen aginduaren bidez.