x
UDALTALDE Menu

Berriak

Arrigorriagako Eskola Agendak urteko foroa egin du

Astearte honetan, maiatzaren 18an, Eskola Agenda 2030 foroa egin dute Arrigorriagan, institutuko bilera gelan. Ekitaldiak amaiera eman dio 2020-2021 ikasturteko programari, zeinak Garapen Jasangarriko Helburuak eta, zehazkiago, 12. helburua “ekoizpen eta kontsumo arduratsuak” izan dituen hizpide.

Ekitaldian parte hartu dute Arrigorriagako Alkate Maite Ibarrak, Ingurumen eta Iraunkortasun Zinegotzi Maria Jesús Acedok, hamar ikaslek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurugela-CEIDAko ordezkari batek.

Ikasleek  Eskola Agenda 2030ren esparruan, osasun-egoerak baldintzatuta, ikasturte honetan egin dituzten jarduerak aurkeztu dituzte. Jarduera horien artean nabarmentzekoak dira: jolastokiko lurzoruko eta ikastetxetik gertu dagoen inguruneko hondakinen bilketa, ondoren ikasgeletan erakusteko eta gainerako ikasleak sentsibilizatzeko; irakasleentzako prestakuntza-jardunaldiak, eta familiei zuzendutako ekonomia zirkularrari buruzko hitzaldiak.

Jarraian, Arrigorriagako Institutuko ikasleek harturako konpromisoak azaldu dituzte: 1. Kontsumoa murriztu, baita energia elektrikoarena eta urarena ere; 2. Birziklatu eta gainerakoak kartelekin birziklatzera animatu; 3. Produktuak bota aurretik konpondu eta trukatu; 4. Oihalezko poltsak erabili, plastikozko poltsak erabili ordez; 5. Udalerriko ekintzak bultzatu eta parte hartu; 6. Bizikletaz mugitu eta partekatutako autoak erabiltzen saiatu.

Era berean, eskolako ordezkariek beren eskaerak helarazi dizkiote Udalari: 1. Paperontzi eta edukiontzi gehiago ipini herrian zehar eta berriztu egoera txarrean daudenak; 2. Bidegorriak hobetu eta behar den lekuetan euren artean lotu; 3. Sentsibilizazio kanpaina gehiago; 4. Herriko merkatua antolatu bertako produktuak sustatzeko; 5. Bizikletak aparkatzeko leku gehiago jartzea eta alokairu-zerbitzua prestatzea; 6. Udalerrian adin guztietarako jarduera ludikoak eskaintzea.

Alkateak eta zinegotziak ikastetxea zoriondu dute egindako lanagatik, planteatutako eskaerei erantzun diete eta horietako batzuk datozen hilabeteetan gauzatuko direla aurreratu dute.

Amaitzeko, datorren ikasturtearen hasieran berriro biltzea erabaki dute, ikasleek hartutako konpromisoen eta Udalak jasotako eskaeren jarraipena egiteko.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso du, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzetarako dirulaguntzen aginduaren bidez.