x
UDALTALDE Menu

Berriak

2030erako Eskola Agendaren Foroak urteko bilkura egin du Galdakaon

Ostegun honetan, maiatzaren 27an, Galdakaoko Eskola Agenda 2030 foroa ospatu da, Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan. Ekitaldian parte hartu dute Iñigo Hernando Alkateak, Nerea Orozko Zinegotziak, udal ingurumen teknikariak eta programan parte hartzen duten udalerriko ikastetxeetako hamar ikaslez osatutako talde batek.

Ikastetxe bakoitzeko ikasleek ikasturte honetan egin dituzten jarduerak aurkeztu dituzte, Garapen Jasangarriko Helburuak lantzean zentratu direnak, zehazkiago, 12. helburua: “ekoizpen eta kontsumo arduratsuak”.

Jarraian, Galdakaoko ikastetxeetako ikasleek hartutako konpromisoak azaldu dituzte: 1. Janari-hondarrak Hozkailu Solidariora eraman; 2. Plastikoaren erabilera murriztea; 3. Produktu ekologiko gehiago kontsumitzea; 4. Ikastetxeetan hondakinak jasotzen jarraitzea; 5. Aluminioa gaika biltzea eta erabilera baloratzea; 6. Plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea.

Era berean, eskolako ordezkariek beren eskaerak helarazi dizkiote Udalari: 1. Udalerriko leku gehiagotan Hozkailu Solidarioak jartzea; 2. Saltokietan paperezko poltsen erabilera sustatzeko kanpainak egitea; 3. Bertako produktuen denden katalogoa egitea eta zabaltzea; 4. Bigarren eskuko produktuen plataformen erabilera sustatzeko kanpaina bat egitea; 5. Udalerriko establezimenduek soberako janariarekin egin dezaketena adostea; 6. Plastikozko produktuen erabilerari buruz kontzientziatzea; 7. Ontziak itzultzeko makina bat jartzea; 8. Tokiko produktuak sustatzeko kanpaina bat egitea.

Konpromisoak eta eskaerak martxoaren 12an egindako prestakuntza-saio birtualean adostu ziren proiektuan parte hartzen duten ikastetxe guztien artean. Hauek dira ikastetxeak: Andra Mari BHI; Bengoetxe BHI; Eguzkibegi Ikastetxea HLBHIP; Elexalde BHI; Galdakao HHI eta Galdakao Ostalaritza BHI.

Udal-ordezkariek eskaerei erantzun diete, eta aurreratu dutenez, Udalaren eskumenekoak diren eskaera batzuk datozen hilabeteetan gauzatuko dira, eta beste batzuk aztertu egingo dira.

Amaitzeko, Alkateak ikastetxeak zoriondu ditu egindako lanagatik, eta lan egiten jarraitzeko eta datorren ikasturtean berriro biltzeko deia egin die.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso du, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzetarako dirulaguntzen aginduaren bidez.