x
UDALTALDE Menu

Berriak

2020-2021 ikasturteko Eskola Agenda 2030 Foroaren bilera egin dute Ugao-Miraballesen

Astelehen honetan, maiatzaren 31n, Ugao-Miraballesko Eskola Agenda 2030 ekimenaren urteko foroa egin dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Saio honen bidez amaiera eman diote 2020-2021 ikasturteko programari, zeinak Garapen Jasangarriko Helburuak eta, zehazkiago, 12. helburua (ekoizpen eta kontsumo arduratsuak) izan dituen hizpide.

Foroan parte hartu dute Ugao-Miraballesko alkate Ekaitz Mentxakak, hamar ikaslek eta Ugaoko IPIn proiektuaren ardura duen koordinatzaileetako batek.

Alkateak ongietorria eman ondoren, ikasleek ikasturtean zehar egindako jarduerak azaldu dituzte, besteak beste: patruila berdearen lana, txangoak, hala nola Ibaialde edo Iraun proiektuetan izandako parte-hartzea eta ibilbideak.

Jarraian, ikasleek ikasturte honetan egindako lanaren eta azterketaren ondoren hartu dituzten konpromisoen berri eman dute: 1. Lurrera plastikorik ez botatzea eta birziklatzea; 2. Zaborra batzeko kanpaina bat egitea; 3. Ontzirik gabeko produktuak erostea; 4. Hamaiketakoan ontzi berrerabilgarriak erabiltzea; 5. Zuhaitzaren egunean parte hartzen jarraitzea.

Era berean, eskolako ordezkariek beren eskaerak helarazi dizkiote Udalari:  1. Ez dagoen tokian zakarrontziak jartzea eta egoera txarrean dauden edukiontziak berritzea; 2. Edukiontzietan informazioa duten kartelak jartzea, behar bezala bereizteko eta birziklatzeko; 3. Udalak antolatzen dituen jaiak edo ekitaldiak iraunkorrak izatea eta erabili eta botatzeko ontziak ez erabiltzea; 4. Ingurumenari buruzko sentsibilizazio-kanpainak antolatzea, herritarrek parte har dezaten; 5. Garbiketa bat egin ibaiertzean.

Alkateak, Ekaitz Mentxakak, egindako lanagatik ikastetxea zoriondu baino lehen, eskaerak jaso eta aurkeztutako proposamenak erantzun ditu, eta ikasleei aurreratu die arretaz aztertuko dituztela.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso du, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzetarako dirulaguntzen aginduaren bidez.